Erreportaritza ikastaroa burutu dugu Armenian
«Zergatik zarete kazetariak?»
Hauxe izan zen, hain justu, mahai gainean paratu genien lehendabiziko galdera. Hamazazpi lagun zeuden gure aurrean, bi neska eta hamabost mutil; batzuk Nagorno Karabajekoak baina armeniarrak denak. Honela ekin genion gure astebeteko ikastaro trinkoari.
Bost minutu utzi genizkien beren erantzuna paper batean idazteko: «Injustizia nahiz abusuak salatu», «giza eskubideen urraketak dokumentatu», «nire jendearen istorioa kontatu»… Azken hau izan zen errepikatuena. «Mundua aldatu nahi dut» ere entzun genuen. «Aldaketa» hitz-gakoa delakoan geunden denok, areago ustelkeriak, krisi politikoak eta itomen ekonomikoak gogor astindutako Armenian. Zerrenda luze honi Nagorno Karabajeko gerra gehitu behar diogu. Iragan udazkenean, gatazkak milaka hildako eta desplazatu eragin zituen.
Zera da ikasle eta irakasleon arteko desberdintasun nagusia: beraiek «zero» gunean bizi dira; gu, ordea, etorri, kontatu eta etxera bueltatzen gara beti. Ez dugu lagunarik edota seniderik galdu gerra hartan, ez gaituzte gure etxetik kanporatu; funtsean, ez dugu zama horren pisua igartzen idazteko esertzen garenean, edo argazkiak ateratzeko makurtzerakoan. ¿Nire jendearen kontra erabil daitekeen gertakizun oro isilarazi behar da? ¿Nola eragingo dio troparen moralari gerra galtzen ari garela idazten badut? ¿Zertarako egin etsaia gehiago, ez al dira nahikoak dagoeneko?
Honelakoak maiz entzun ditugu libiar, saharar edota kurduen ahoetatik, bai eta armeniarrengandik ere. Ados, bonbek eskolak nahiz merkatuak kolpatzen dituztenean horietan eta zure burua soto batean babesten duzunean zaila da oso orekari eustea, baina hori da bidea. Gure ikasleei behin baino gehiagotan errepikatu diegu: lanean ari direla ez diote beren jendeari “lagundu” behar, istoria bere horretan kontatu baizik. Irakurlea bere konklusioak ateratzeko gai izango da.
«Armeniar batek benetako kazetaritza egin dezake Nagorno Karabajen?», bota zigun enklabekoa den ikasle batek lehendabiziko egunean. Sei egun beranduago, berak aurkitu zuen erantzuna. Guk entzun nahi genuena zen.
(Ikastaroari buruzko informazio gehiago, hemen)