Rif, gerra koloniala (erakusketa)

Rif, gerra koloniala (erakusketa)

Rifeko Gerra bere azkenetan zen potentzia kolonial baten azken abentura izan zen, Kubako eta Filipinetako naufragioaren ondoren ontziratu beharreko itsasontzi bat. Espainiak mineralak bilatzen zituen Rifen. Koroak nortasun inperiala berrindartu nahi zuen aldi berean, historiaren zurrunbiloek itzalitako hura.

Mediterraneoko iparrera apenas iritsi zen berririk. Gutxi eta gaizki kontatutako bataila izan zen Annualekoa, halaxe gertatzen baita beti galtzen diren guztiekin. Lau urte eta ehun mila hildako baino gehiago behar izan ziren, Espainiak, Frantziaren laguntzaz, Alhucemasen lur har zezan. Horrela hartu zuten lurraldearen kontrola. Beranduegi zen. Afrikako porroten katearen ondorioz, Espainiako monarkiaren izen onak hondoa joa zuen, eta Miguel Primo de Rivera izeneko jeneral batek estatu kolpe bat eman zuen. Porrotaz lurrundutako garaipena izan zen Rifekoa, Espainiako gizartean eragindako zauriak sendatzen lagunduko ez zuena; gertatutakoa atzean uzteko aukerarik emango ez zuena. Hori gutxi ez eta, hamahiru mila militarren muskulu hura gako izango zen Espainiako Gerran faxismoa gailendu zedin.

Rifeko gerratik jaso den dokumentazio grafikoa ez da, inondik ere, bere benetako garrantziaren isla, horrexegatik da hain garrantzitsua negatiboen bilduma hau. Eustaquio Berriochoaren karretetik ateratakoak dira. Bide, ubide eta portuetako ingeniaria zen Berriochoa, mapa aldrebestu batean errepideak marraztea zuen egitekoa. Aldi berean, urretxuarrak komedia triste eta lazgarri hartako aktoreak eta figuranteak irudietara ekartzeko ideia izan zuen.

Irudi haiek, alabaina, 2018ko udaberrira arte baino ez ziren argitaratu. Urretxuko garaje batean aurkitutako maleta batean zeuden, diru-zorro bat baino handixeagoa zen poltsa batean. Une hartantxe, Andoni Berriotxoa, Eustaquioren birbiloba, Rifen zen, Marokoko Erresumaren aurka borrokan ari zen herria dokumentatu nahian. Esku-liburuetan bezala ari zen garatzen historiaren kapitulu hura: potentzia koloniala erretiratu ondoren, arrain handiak txikia jaten du beti, hala Mendebaldeko Saharan nola Papuako irla txikian. Eta Rif ez zen salbuespena izan.

Balio neurtezina duen lekukotza hau itsasoa zeharkatzen duen mezudun botila baten modura iritsi zaigu, edo mugarrietan utzi ohi ziren artikoko espedizioetako bitakora haietako bat bezala. Kasu honetan, familia bereko bi kideren arteko transmisioa litzateke. Mende batek bereizten ditu, baina, aldi berean, mundua erretratatzeko bulkadak batu. Mundu arrotza izanik ere.

 

Joseba Sarrionandiak, Karlos Zurutuzak, Ricardo Ugartek eta Clemente Bernadek argazkien inguruko testuak idatzi dituzte. Joxan Goikoetxeak ikuskizun bat sortu du ekitaldi honetarako, Antton Valverde, Asya Zayzoui, Eñaut Agirre eta Unai Agirrerekin batera. Zayzoui Rif-ekoa da eta Abarranen kantua abestuko du, amazigh hizkuntzan. Rif-eko gerrari buruzko kanta epikoa da.

Urretxuko Pagoeta Kultur Etxean

 

Si continuas utilizando este sitio aceptas el uso de cookies. más información

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para «permitir cookies» y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en «Aceptar» estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar