33 paraleloa giza kate bat da
33 paraleloa misterioarekin lotu ohi da, baina guk gerrarekin besterik ez egin dugu topo. Ez hori bakarrik, jakina, baina hori bereziki. 33 paraleloa maiz zehartau dugu; urteetako txangoa izan da Mendebaldeko Sahara eta Ekialdeko Balutxistan artekoa. Bidean, gerrak, goseteak eta injustiziak etxetik kanporatutakoekin egin dugu topo. Mendebalderantz doaz beti, gure kontrako norabidean. Zer egin gerrak zure etxeko atea jo eta bota egiten duenean? Bada, etxe barruko istorioak dituzue hauek guztiak.
Hisham, Najaf (Irak)
Munduko hilerri handienean lan egiten dut. Diotenez, milioika gorpu daude hemen. Nik erromesentzat perfumea saltzen dut bertan. Bisitariek hildakoak omentzeko erosten dituzte. Gerra batetik, eta ikasle txarra nintzela bestetik, laugarren mailan utzi nituen ikasketak. Gainera, asko gara etxean eta lagundu beharra zegoen.
Toki berean nago beti, bakoitzak berea dauka, ez da erraza baina inguruko saltzaileek ondo tratatzen naute, gazteena bainaiz hemen. Egunsentian iristen naiz nire postura eta ilunabarrean bukatzen dut, astean zazpi egunez. Egun arrunt batean 10.000 dinar (9 euro) ateratzen ditut, eta ostiraletan edo jai egun batean, horren bikoitza atera dezaket, erraz. Aukeran, polizia edo soldadu sartuko nintzateke. Kontua da ez dauzkadala eskaera orria ordaintzeko behar diren 1.000 dolarrak. Gobernu barruan kontakturik ez badaukazu, senideren bat edo, kantitate hori eman behar diozu funtzionario bati. Itzela da ustelkeria Iraken, edozein gauza egin nahi duzula ere, ordaindu beharra dago.
Iman batek behin esan zidan hemendik kanpo hilobiratua izanez gero aingeruek hona ekartzen dutela zure gorpua, betiere musulman zintzoa izan bazara. Aldi berean, bertan hilobiratutako gaizkileen gorpuak ere hemendik ateratzen dituzte aingeru haiek. Duela hiru aste hemendik gertuko hilobi bat ireki eta hutsik aurkitu zuten, txundituta gelditu ginen denok. Badaezpada ere, bertan hilobiratzea nahi dut, hauxe baita horretarako munduko tokirik onena.
Abdurrahman eta Amanullah, Kabul (Afganistan)
Zenbat ale erabili dituzue honako zuku hau egiteko?
Nahikoa da bi alerekin. Birrintzailean sartu alde batetik eta zukua ateratzen da bestetik, erraz.
Egia esan, ezin freskoagoa izan…
Bai, gozoa izateaz gain komunera joateko ere oso ona da.
Errepide alboan zarete beti?
Bai, toki honetantxe, hain justu. Jendea autoetatik eta espaloitik erraz gerturatzen da honela.
Denbora asko daramazue honetan?
2002an gure herria suntsitu zuten eta Kabulera etorri ginen. Orduantxe erosi nuen gurdi hau. Amanullahk lau urte besterik ez zuen.
Eta zuk?
Nik 33 ditut.
Amanullah eskolara joaten al da?
Ezin du. Niri laguntzera etortzen da beti. Izan ere, gauza asko egin behar dira egunero: kanaberak erosi, gurdia ekarri… etxetik ordubete behar dugu honaino oinez iristeko. Eta beste bat bueltarako.
Baina ez al duzu uste irakurtzen jakitea ona litzatekeela zure semearentzat?
Bai baina, dagoeneko, oso zaharra da horretarako. Orain joango balitz, ikaskideen burlak jasan beharko lituzke. Jendea oso gaiztoa da, badakizu.
Hamuda, Tauarga (Libia)
Zakurrak besterik ez gara Libia berrian, eta denek jakitea nahi dugu; idatz ezazu, kontatu jende guztiari! Tauarga herrikoa naiz. Gaddafik bere tropak bertan kuarteleratu zituen, eta, horrexegatik, gaddafizaletzat hartzen gaituzte. Dagoeneko bi hilabete baino gehiago eman ditugu Tripoli kanpoaldeko errefuxiatu gune batean.
Gerlariak, batez ere Misratakoak, nahi bezala sartu eta gutako batzuk eramaten dituzte. Neska asko bortxatu dituzte, eta beste hainbeste mutil euren eskuetan desagertu dira. Joan zen astean zazpi gazte eraman zituzten, tartean, nire anaia. Ez dakigu ezer haietaz. Edozein argudio erabiltzen dute, bideo grabaketa batean euren aurpegiak ikusi izana, adibidez.
Misratakoek oso delitu larriak leporatzen dizkigute tauargatarroi. Batetik, denok gaddafizaleak garela diote. Bestetik, gure azalaren kolorea dago. Tauargan beltzak gara gehienok. Matxinoek boterea hartu zutenetik inoiz baino arriskutsuagoa da beltza izatea Libian. Kanpalekuetan ez gaude seguru, baina inor ez da ausartzen kalera ateratzen. Gurekin dauden hainbat familia hondartzan bizi izan ziren aste ugariz, ez ziren Tripoliko kaleetan ibiltzen ausartzen.
Hau al da Libia berria eta askea? Honela jarraitzea baino, bertan akabatzea nahiago dut.
Kemal, Faluja(Irak)
Denbora asko daramazu lanean hilerri honetan?
2004an hasi nintzen. Hau Falujako futbol zelaia zen, baina amerikarren inbasioa eta gero, hona etorri ginen. Amerikarrek ez ziguten ohiko kanpo santura joaten uzten eta honako hau inprobisatu behar izan genuen. Gaur beteta dago.
Beteta?
Bai, 3.700 gorpu daude eta ez dago toki gehiagorik. Nik zaintza lana besterik ez dut egiten orain, tokia txukun mantendu.
2004ko urriko erasoaldi erraldoian Falujan zeunden?
Amerikarrek ospa egiteko esan ziguten bertakooi, sekulako eraso bortitza izango zela. Nik alde egin nuen baina segituan bueltatu nintzen, ezin nuen hau bere horretan utzi orduko egoera gorripean. Askotan gauez ere aritzen nintzen lanean, hurrengo egunetarako zuloak egiten.
Falujatik buelta bat eman dut gaur eta txikizioa da nagusi oraindik…
Sarraski hutsa izan zen hura. Fosforo zuria erabili zuten Faluja errausteko eta, diotenez, debekatuta dago horrelakorik erabiltzea. Hasieran amerikarrek ezetz esaten zuten baina atzerritar batzuek dokumental bat atera, edo horrelako zerbait eta, azkenean, onartu behar izan zuten arma haiek bertan erabili izana. Hori gutxi ez, eta jende arruntarekin mesprezuz eta bortizkeria handiz jokatu zuten amerikarrek: miaketa basatiak etxeetan, jipoiak… milaka istorio kontatuko nizkizuke. Begira, lursail honetantxe, hain zuzen, bonbardaketa bakar batek eragindako 37 hildako daude. 2004ko apirilean izan zen. Gogoan dut neronek hilobiratu bainituen denak. Hango koadro horretan umeak eta izengabeak beste hartan.
Izengabeak?
Fosforo zuriak armak eta munizioa erre ditzake, pentsa ezazu zer eragin dezakeen gugan.
Noiz arte zainduko duzu hilerria?
Ez dut soldatarik kobratzen lan hau egiteagatik, gauza bakarra eskatu diot udaletxeari: neu bertan hilobiratzea. Beraz, hil arte izango naiz hemen.
Non hilobiratuko zaituzten ba al dakizu jada?
Ikusten al duzu koadro huts hori? Hantxe.
Sharifullah, Helmand (Afganistan)
Sharifullah dut izena, 16 urte ditut eta Helmandekoa naiz. Ramadanaren amaiera ospatzen ari ginela, errepidera gerturatu ginen gidariak agurtzeko. Izan ere, oso auto gutxi igarotzen da Nad Alitik, nire herritik.
Halako batean, soldaduen konboi bat ikusi genuen. Gero ez naiz ezertaz oroitzen. Ospitalean esnatu nintzen. Nire anaiak esan zidan tiro bat jaso nuela sabelean, ingelesena edo. Medikuek sendatuko naizela
diote. Ez dakit. Hitz egite hutsak min handia egiten dit.
Ihmatullah dut izena. Musa Qalah (Helmand) herrikoa naiz. 16 urte ditut. Ardiekin genbiltzala, soldaduen eta talibanen arteko suak harrapatu gintuen. Kohete bat erori zen alboan. Nire anaia txikia hil zen. Nik metrailak josita daukat gorputza, baina medikuek diote jada guztia atera didatela.
Abdulraziq dut izena eta Farah probintziakoa naiz. 13 urte ditut. Sadaradin nire herrian etxe huts batean sartu ginen. Aldian behin jendea ikusten genuen, kutxak eta paketeak sartzen bertan, baina denok genekien etxe hartan ez zela inor bizi. Jakin-minak jota geunden eta, azkenean, joan den astean sartu ginen. Ate alboko kutxa bat mugitzean, zerbaitek eztanda egin zuen. Ospitalean esan zidaten talibanen biltegi bat zela hura. Eskuineko besoa eta begia galdu ditut.
Abdul Waheed dut izena. 64 urte ditut eta Daudchanen aitona naiz. Sei urte ditu eta ezkerreko hanka moztu behar izan diote. Bere bi urteko anaiari, ordea, biak. Nire semearekin motorrean zihoazela, IED (bide bazterreko bonba) batekin topo egin zuten.
Muhamed, 12 urte. Etxeko sabaian nengoela kolpe gogor bat sentitu nuen bularrean. Gibela birikari itsatsita etorri nintzen ospitalera. Amerikarren bala bat izan zen. Erizainak dio mirari bat dela ni bizirik egotea.
Ahmed, Bamiyan (Afganistan)
19 urte ditut eta hazara etniakoa naiz. Kabulen urte dezente eman ditut, baina Bamiyan da nire jatorriko herria. 10 urte nituen talibanek gure buda erraldoiak txikitu zituztenean. Tankeak erabili zituzten horretarako.
Dena den, okerrena guk pasa genuen. Xiitak gara (suniak talibanak) eta gure ekialdeko aurpegierak berehala bereizten gaitu pastundar edo tajikoen artean. Ez zaigu ia bizarrik ateratzen eta gure begiak… Funtsean, ez dugu ezkutatzeko modurik.
Buden suntsipena gure herria pairatzen ari zenaren metafora garbia baino ez zen. Makina bat urte eman ditugu Kabulgo diskriminaziopean, batez ere talibanen garaian. Elkarren atzetik hartu eta akabatu egiten gintuzten… “Munafiqin” gara beraientzat, heretikoak.
Zorionez, nire aitak ez du hazara itxura handirik eta libre utzi zuten, tajikoa zelakoan. Nire amaren lau anaiak, aldiz, talibanek hil zituzten. Duela gutxi jakin nuen haietako bat harrika akabatu zutela. Emakumeentzat soilik gordetako zigorra zelakoan nengoen ni. Harritzekoa.
Talibanen erregimena erortzean, Kabulera etorri ginen. Gaur Dast-e Barjin bizi gara, hazara auzoan, hain justu. Tamalez, nire etxea Kabulgo erdialdetik oso urrun dago eta gela hau elkarbanatu behar izaten dut beste bi lagunekin. Gogor ari gara hirurok, unibertsitatean sartzeko azterketa prestatzen. Ingeniaritza edo kazetaritza ikasi nahi nituzke, baina oso nota altua behar da beka bat lortu ahal izateko. Ikasketengatik ez balitz, zurekin bidaiatuko nuke herrialdean zehar. Oraindik ez dut Afganistandik ateratzeko paradarik izan, baina jakin badakit gauza asko daudela ikusteko hemen.
Madi, Bagdad (Irak)
Madi ez da nire benetako izena. 26 urte ditut eta Bagdadekoa naiz. Duela lau aste gurasoen etxetik alde egin nuen. E-mail bat jaso nuen: herrialdetik berehala alde ez egitekotan, nire familiari lesbiana naizela esatearekin mehatxatu ninduten. Ezagutzen ninduten, nire benetako izenean baitzegoen mezua.
Etxean egia jakingo balute, ezkontzera behartuko nindukete kasurik onenean; okerrenean, nire anaia zaharrenak akabatuko ninduke. Aspaldidanik nekien egun hau iritsiko zela, baina ez nuen uste hain goiz izango zenik. Egoerak erabat gaindituta nago.
2003z geroztik Iraken milatik gora homosexual hil dituzte miliziek, segurtasun indarrek ala, besterik gabe, biktimen familiek. Neronek zazpi lagun min galdu ditut honela berriki. Saddamen garaietan inork ez gintuen kriminaltzat hartzen; inork ez zuen gure gaineko inbestigazio bat burutuko, gure sexu joera dela eta. Gaur herrialdea hiltzailez josita dago. Amesgaizto batean bizi gara homosexualok Iraken.
Gure etsairik amorratuenak? Ziurrenik, Moqtada al Sadr-en Mehdi miliziak izango dira agresiboenak. Duela lau urte, Ali Sistanik gure kontrako fatua bat –lege islamikoaren barruko legea- iragarri zuen: kleriko xiitak zioen “modurik basati eta krudelenean” hil behar genuela homosexualok. Torturatu jasan ondoren, askori su eman diete, oraindik bizirik zeudela. Beste batzuk zatikatu egin dituzte, bizirik haiek ere. Norbaitek esan zidan modu berri bat asmatu berri dutela. Ipurtzuloan itsasgarri bat jartzen dizute kaka egin ez dezazun. Jarraian, beherakoa sorrarazten dizun zerbait edatera behartzen zaituzte, barrutik lehertu arte.
Gorpu erreak eta zatikatuak ospitalera iristean, medikuek badakite homosexualak zirela hildakoak eta ez da inongo inbestigaziorik burutzen. Aldi berean, familiek nekez paratuko dute salaketa bat justizia aurrean. Lotsagarri eta mingarria da oso homosexual bat haienean izatea. Ohore krimenekin gertatu legez, etxe barruan gelditzen da dena; kanpoko inork ez dauka horretan parte hartzeko eskubiderik.
Irakiar zuzenek euren eskubideak aldarrikatzeko eskubide osoa dute egun. Guretzat pentsaezina da publikoki esatea homosexualak garela. Ezkutatu besterik ezin dugu egin eta, ahal dugula, herrialdetik irten.
Azken urteotan Londreseko GKE batekin izan naiz harremanetan. Irakeko homosexualei laguntzeko eratua da eta, funtsean, gure komunitatea babestea dute helburu, bisak direla, aterpeak direla… Momentu honetan bi aterpetxe daude Iraken, Bagdaden biak. 50 lagun inguru babesten dira haietan, hala edo nola bidaiatzeko bisa lortu arte. Batzuentzat, baina, oso zaila da, ez baitute inongo dokumentaziorik ekarri. Edo korrika ihes egin zuten etxetik, edo ez zuten aukerarik izan handik pasatzeko. Haiek ezkutuan eduki besterik ezin dugu egin.
Pasaportea daukatenek Libanora edota Jordaniara alde egiten dute.
2011 arte Siriara ere joan ohi ziren, baina egun gerra dela-eta ezinezkoa da.
Duela hiru urte neronek ere Siriara jo eta urtebete eman nuen Damaskon, 61 hamaikagarren aldiz mehatxatua izan ondoren.
Azkeneko aldian, duela lau aste, Libanora hegan egiten saiatu nintzen Erbildik, baina hango nire lagunak ere arazoak izaten ari ziren eta, azkenean, ezin izan nuen herrialdetik atera. Orain erabat ezinezkoa zait. Lagun batek esan zidan nire familiak nire izena eta argazkia banatu dituztela. Aireportu eta checkpoint guztietan omen dute nire berri.
Kontakturik ote daukadan nire familiarekin? Ezin dut arrisku hori hartu. Jakin badakit zerbait susmatuko zutela, lesbiana naizela alegia. Inoiz ez nien deus ere aipatu. Hau guzti hau oso mingarria da beraientzat ere, eta euren alaba zuzena gisa gogoratzea nahiago nuke.
Umit, Balutxistango mendiak
Beti esaten nuen ez nituela armak hartu nahi. Baina pakistandarrek nire anaia torturatu eta hil zutenean, iritziz aldatu nuen. Mendekua bilatzeko baino, biziraupen hutsa bilakatu da arma bat eskuratzea gurean. Zer egin dezakegu? Atxiloketen zain gelditu gure herrixketan? Ziur nago lehenago hilko nintzatekeela han hemen baino. Gerlariak gara denok Afganistango mugako mendiotan. Hogei gara gure taldean. Pakistango armadaren kontrako ekintzak burutzen ditugu: errepideko bonbak jarri, komunikazio posteak txikitu… Ahal dugunean soldaduen kontrako enboskadak ere burutzen ditugu. Hauxe da arriskutsuena, gu baino askoz ere gehiago baitira, eta arma hobeak dauzkate.
Unibertsitatera joatea gustatuko litzaidake, injinerutza-edo ikasteko, baina, momentuz, badakit hori ez dela posible izango. Zer sumatzen dudan faltan? Nire familia, jakina! Turbaten bizi dira gehienak. Entzun dut zine areto bat jarri behar dutela bertan. Ez naiz inoiz zinemara joan.
Karim, Bir Ganam (Libia)
Ezin esan gerrak nire etxeko atea jo zuenik. Ni Manchesterren (EBan) jaio nintzen, eta hantxe nengoen joan zen iragan otsailean Libiako gerra piztu zenean. Nire gurasoak, ordea, Libian jaioak dira, eta ni ere libiarra naizela erakutsi zidaten txikitatik. Arkitektura ikasketak amaitzear nengoen gerra piztu zenean. Nire gurasoek ez zuten ni hona etortzea nahi, baina erabaki zuzena hartu dudalakoan nago. Zergatik jaio nintzen atzerrian? Errefuxiatu politikoak zinetelako, ez da hala? Bi galdera hauek maiz gogorarazi dizkiet.
Gerra piztu eta aste gutxiren buruan bertaratu nintzen Libia ekialdeko mendietara. Tripolitik gertuen dagoen frontea da honako hau. Egia esan, ez neukan inongo eskarmentu militarrik, eta egun gutxitan oinarrizkoa irakatsi zidaten mendietan: armak nola erabili, nola mugitu, zer egin bonbardaketa kasuan… Dagoeneko hiru hilabete eman ditut Libian. Aurrekoan, norbaitek galdetu zidan ea inor hil dudan denbora tarte honetan. Baliteke, ez dakit. Ez dut inor erortzen ikusi nire tiroen ondorioz, baina behin baino gehiagotan morteroak jaurtitzen ere aritu naiz.
Gerra amaitzean ikasketak bukatu nahiko nituzke. Oraindik ez dut erabaki Libiara etorriko naizen etorkizunean. Askotan pentsatu dut atzerritarra sentituko naizela beti, edonon egonda ere.
Nassar, Basora (Irak)
Nassar dut izena, eta hau Mohamed duzue, nire semea. Minbizia dauka. Izurrite honek ume asko eraman ditu Basoran, nire alabatxoa horien artean. Duela bi urte hil zen, zazpi urte zituela.
Mohamedi iaz diagnostikatu zioten minbizia. Hasieran gorputzak erantzun zion tratamenduari, baina okerrera jo du berriki. Bere prozesua hasi zenean, ezin nuen ospitalean sartu; eraikina ikuste hutsak nire alabarekin bizi izandakoa ekartzen zidan gogora. Ez nintzen gai hona etortzeko. Nire lagun batek bere semea zuen bertan eta berak zaindu zituen biak, berea hil zen arte.
Igeltseroa naiz, baina lana utzi behar izan dut Mohamedekin egoteko. Anaiak eta lagunek ematen didaten diruaz bizi gara emaztea eta biok. Nire hiru seme-alabetatik bi jo ditu jada gaixotasun honek.
Esan dizudan bezala, honelako kasu asko daude hemen. Basora izan da gerra gehien pairatu duen eskualdea: Iranen kontrako gerra, 91koa, eta 2003koa. Bonbak toki guztietatik iritsi zaizkigu. Gainera, hemen daude Irakeko petrolio hobi handienetakoak. Haizeak edonondik jota ere, petrolio usaina dago beti airean.
Hemen denok dakigu izurrite hau nondik etorri den nagusiki. 91ko gerran, amerikarrek uranioa zuten bonbak bota zituzten. Basora arma berriak probatzeko gune bilakatu zen. Diotenez, euren soldadu asko ere minbiziak harrapatu zituen, baina beraiek bota zituzten arma haiek, beraiek aukeratu zuten hona etortzea. Nire seme-alabek, aldiz, ez dute inoiz ezer aukeratu.
Joan zen urtean, amerikarrek umeentzako ospitale hau eraiki zuten. Egunen batean honen guztiaren errudunak etortzea nahi nuke, Basorako umeak ber-bertatik ezagutzeko. Mohamed besapean hartzeko esango nieke, azaltzeko berari zergatik dagoen gaixorik.
“Suntsipen handiko arma” haien bila etorri ziren, baina dena gezurra zen. Beraiek zeuzkaten, geure gainean bota zituzten. Gure bizitza desegin dute.
Saad, Bagdad (Irak)
1920ko Iraultzaren Brigadako komandantea zara. Nortzuk zarete?
Amerikarrak sartu baino lehen sortu genuen 1920ko Iraultzaren Brigada, berehala jabetu baikinen inbasio bat izango genuela laster. Antolatu zen lehen taldea izan ginen. Gure lehen ekintza 2003ko maiatzaren 20an egin genuen, amerikar ibilgailu baten kontra, Mosulen. Antzekoa izan zen gure azken operazioa, iragan abenduan, Bagdad iparraldeko amerikarren Baker basearen kontra.
Egun, gure brigada herrialdearen bi herenetan ekintzak egiteko eta gure komandanteen aginduetara edozein momentutan erasotzeko gai da.
Amerikarrek alde egin dute dagoeneko, zergatik jarraitzen duzue borrokan?
Bigarren Mundu Gerran, Alemaniak Frantzia inbaditu zuenean, Vichyko gobernu txotxongiloa utzi zuen atzean. Frantziako erresistentziak haren kontra borrokatzen jarraitu zuen eta, funtsean, gauza bera egiten ari gara gu. Amerikarren kontra borrokatu ginen gure herrialdea inbaditu zutenean, eta haiek utzitako gobernu kolaboratzailearen kontra orain. Halaber, Iraken Irango esku hartzea errazten duen oro gure etsaia da. Bagdadeko segurtasun indarrak eta haien agintariak, mertzenarioak, xiita miliziak… Amerikarren eta irandarren morroiak ditugu jomugan.
Nazioarteko komunitateari mezurik helarazi nahi al zenioke?
Munduak jakin beharko luke gure jendea akabatzen ari den jendearen eskuetan dagoela Irak. Gure herrialdea hondakinetan dago. Gerrak milioi eta erdi hildako eragin ditu, milioi bat alargun eta lau milioi umezurtz. Egoera honen errudunen erantzukizuna da herrialdea berreraikitzea. Inork ez dezala inoiz ahaztu gezur batean sustraitutako inbasio basatia eta arrazoigabea pairatu dugula irakiarrok: Iraken suntsipen handiko armak zeudela zioen gezurra.
Tximeletak, Kabul (Afganistan)
Zer dira hauek?
PFM-1 infanteriaren kontrako lehergailuak dira. “Tximeletak” ere deitzen diegu. Errusiarrek egiten dituzte.
Lur azpian landatzen al dira hauek ere?
Ez, gerra garaian errusiarrek hegazkinetatik botatzen zituzten. Asko daude oraindik Afganistan osoan zehar. Ba al dakizu zergatik diren kolore ezberdinekoak?
Zuk esan
Urtaroen arabera aldatzen dira: zuria neguan, berdea udaberrian eta marroia udan eta udazkenean. Arazoa zera da, umeek hartu egiten dituztela, jostailuak direlakoan. Halakoetan, atzamarrak galdu eta itsu gelditzen dira.